Euskal Herriko eliz talde zenbaiten prentsaurrekoa:
Urtarrilaren 12an Bilbon Presoen giza eskubideen alde egingo den manifestaldiaren aurrean.
Euskal Herriko gure Elizako kide garenez, eta gatibu, pobre eta zapalduen askatasuna bere hitzez eta egitez aldarrikatu zuenari leial izan nahian:
Bat gatoz datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestaldiarekin, preso, erbesteratu eta deportatuen egoera salatuz eta beste behin eskatuz, horien eskubideak, giza duintasunari dagozkionak eta zuzenbidezkoak, errespetatzea, baita horien familiei dagozkienak ere.
Deia luzatzen diegu Euskal Elizako kristau taldeei adierazpen honen alde agertzera, eta geure apezpikuegana jotzen dugu bereziki, beraiek ere beren ahotsa entzunaraz dezatela eskatuz, datorren 12ko Bilboko manifestaldia dela eta.
Herri manifestaldiari geure baiezkoa eman eta horretarako deia zabaltzearekin batera, gatazkaren konponbideari buruzko geure itxaropena agertzen dugu, eta geure atxekipena berresten, Euskal Herri eta beste Herri guztientzako justizia, amnistia, eta askatasun eta bake politiko eta sozialak lortzeari begira.
Datorren larunbateko manifestaldiarekin bat egiten dugu, bada, adierazpen hau irakurriz.
Donostia, 2013ko urtarrilak 9



