Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bere atxikimendua adierazi nahi du Herrirak larunbat honetarako deitu duen manifestazioari eta bere kide eta kolaboratzaile guztiak animatzen ditu mobilizazio honetan parte hartzera.
ETAren indarkeria behin betiko amaitu zenetik urte bete pasa denean, euskal jendarteak aukera handi bat du eskuartean: bake prozesua errotu eta bizikidetza barneratzailea eraiki. Erronka honi aurre egiteko irizpide gidariak duintasuna eta Giza Eskubide guztien errespetua dira.
Zentzu honetan, egin ahal izan dituzten delituetatik haratago, pertsona hauek, beste guztiak bezala, bere Giza Eskubideak eta duintasuna guztiz bermatuta izan behar dituzte.
Aldiz, beren egoeran salbuespena nabarmentzen da. Errealitate hau, edozein baldintzetan ezin justifika daitekeena, are eta larriagoa da bake prozesuaren egungo testuingurua kontuan hartuta. Presoek bizikidetzaren eraikuntzari ekarpen garrantzitsua egiteko ardura dute, biktimak aintzat hartuz eta bakearen aldeko eragile aktiboak izateko konpromisoa hartuz, baina bizitza sozial eta politikoan birgizarteratzeko aukera ere izan behar dute, beste bake prozesuetan gertatu den bezala. Ordea, egungo espetxe-politikak zigor eta mendeku irizpideetan oinarrituta egoten jarraitzen du.
Presoen Giza Eskubideak bermatzea lehentasunezkoa da bakea errotzeko. Zentzu honetan, lan konpartituak, lankidetzak eta euskal alderdi politikoen arteko akordioak funtsezkoak dira. Deigarria da euskal alderdi politikoen artean espetxe-politikaren aldaketaren aldeko jarrera gehiengoa izanik, hainbeste zailtasun, errezelo eta mesfidantza egotea aldaketa hori lortzeko jarraitu beharreko estrategiaren inguruan, azken egunotan egiaztatu ahal izan den bezala. Horregatik, manifestazio honen ondoren elkarrizketari heltzera animatu nahi ditu Lokarrik, egoerak eskatzen duen bezala jokatuz, espetxe-politikaren aldaketari ekarpena egingo dioten denen arteko proposamenak diseinatzeko.
Lokarritik herritarren bultzada eta alderdien arteko elkarrizketa konponbide konpartituak topatzea ahalbidetuko duen oinarria direla iritzi dugu, ez espetxe-politikari dagokionean soilik, baizik eta baita bizikidetza barneratzailea eta berradiskidetua eraikitzeko orduan ere.



